Hegaztien
eguna munduko hainbat herritan ospatzen da, honen helburua, jendartera
hegaztien mundua eta haien kontserbazioa gerturaraztea izanik. Gobernuz
kanpoko ekimena da, non bertako ornitologo eta hegaztizaleek egun
horretan bertaratzen den jendeari hegaztiak haien habitatetan ikusteko
eta makina bat gauza berri ikasteko aukera eskaintzen dieten.
Ohi
bezala, urriaren 7an, igandea, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak
Plaiaundiko parke ekologikoan ospatuko du egun hau, Txingudin hain
zuzen. Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan
kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik
eta gehien errazteko bisitariei; halaber, hegaztien ohitura eta
biologiari buruzko informazioa azalduko diete. Parkearen sarreran
elkartearen stand bat egongo da, eta orain arte egindako argitalpen eta ekintzak azalduko dituzte han.
Aurreko urteetako esperientzia oso positiboa izan da, hegaztiak animalia izutiak direla kontutan hartuta, jendeak atseginez hartzen du halako izaki ederrak gertutik behatzeko aukera hau, baita pizten diren zalantzei erantzuna eman diezaiokeen pertsona bat ondoan edukitzea ere. Ez da erraz ahazten mokozabal edo ugarroi baten edertasuna bertatik bertara nahiz teleskopio on baten laguntzaz ikusi izana.
Hegaztien
Eguna hegaztien udazkeneko migrazio garai garrantzitsuenarekin batera
ospatzen da, urtero negua pasatzeko hegoalderantz egiten duten bidaiaren
barruan. Txingudi atsedenlekua da hegazti hauetako askorentzat, eta
bertan ikus daitezkeen hegaztien zerrenda oso luzea da, garai hau ona
baita lertxunak eta lertxuntxoak, ugarroiak, txirriak, kulixkak,
bernagorriak eta arrano arrantzalea ikusteko, horietaz gain baita azken
mokozabalak eta negua hemen pasako duten lehen zertzeta arrunt eta
istingorrak ikusteko ere.
Eguraldi
txarra, hegazti behatzaileen kasuan, ez da gogogabetzeko arrazoia,
hegazti-kopuru handiagoak biltzen baitira babes bila. Egun honetan parte
hartzeko ez da hegaztiei buruzko ezagupenik behar, haiei buruz ikasteko
gogoa eta jakin-mina baizik; hori bai, gomendagarria da prismatiko
batzuk ekartzea.
Lotura
berezia dauka Itsas Enarak Txingudirekin, bertan elkarteak lan asko
ditu eginak, hauetariko batzuk nahitaezko erreferentzia bihurtu
direlarik Txingudik gaur egun dituen garrantzi handiko izendapenak
lortzeko garaian, datu zientifikoak aurkezteko garaian. Hauen artean
Ramsar zerrendan sartzea Nazioarteko Garrantzi Handiko hezegune moduan
edo IBA izendapena (Hegaztientzako eremu garrantzitsua) SEO-Birdlife
International- ek emana, baita ZEPA izendapena ere (Hegaztien babeserako
eremu berezia) Natura 2000 sarearen barruan eta azkenik Life-Natura
europar erakundearen diru-laguntzen esleipena Plaiaundiko hezegunea
berreskuratzeko. Mehatxu berria jalgi da, ordea, Txingudiren gainean,
Eusko Jaurlaritza haren azalera gehienari babesa kentzeko zereginetan
ari baita.
Dibulgazio-ekintzak amaituta, Itsas Enarako bazkideek eta lagunek anaitasun-bazkari bat egingo dute hegaztien egunean.
Hegaztien Egunerako deialdia:
Noiz: Urriaren 7an, igandea, Hegaztien Mundu Eguna.
Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan (Irunen)
Ordutegia: Goizeko hamarretan hasita, goiz osoan zehar; doan.

